XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Itxurak agertzen zuten bezain sendoak ziren ala ez ziren ezagutzeko egokiera izango zuen aitak.
- Hire kontu, bai, hortik aurrerakoa.
Eta zer duk
... Ikuilu berri eta haundi bat egingo nuke, gaurregungo aurrerapenen arauera.
Berrogei zekor eta hogei esne-behi ekarriko nituzke.
Orain hemen teillatupea eskaintzen digun etxe hau, goitik beheraiño berrituko nuke, zuen azken-urteetan gutxienez bizi-leku egoki eta txukun bat izan dezazuten...
Sukalde-tresna berriak ekarri... berogarriak eta beste gauza asko erosiko nituzke....
Jakin, ondo dakit, aita, asko xamar dela guzti hau gizon bakarrak egiteko.
Baserri-lanei dagokionez, auzoko baserritarrekin hitzegiteko asmoak ditut, eta beroiek nahi balute, bostok alkarturik lana egingo genuke.
Elkartean lana egiteak izugarrizko aurrerakada emango lioke gure baserri labur hauetako jardunari.
- Eta auzoak hirekin alkartu nahi ez balute, zer egingo huke?.
- Auzoak ezetz esango balidate, neronek bakarrik erantsiko nizkioke eskuak lanari.
- Baiña Andoni! Jabetzen al haiz zer esaten ari haizen?.
Nondik sortu behar duk horrenbeste gauzetarako dirua?.
- Dirurik ez dizut eskatu nik, aita! Konfiantza eta lanerako tresnak eskatzen dizkizut.
- Barka iegadak, seme; baiña entzun ezak hire aitaren iritzia: Burua galdua daukanaren tankera hartzen diat, Andoni!.
Zoro-ametsez gaiñezka, hitz-jario hutsa dirudik.
Nere etxearen bizkarretik horrenbeste diru ateratzen utziko diadala uste al duk?.
Neronen etxean maiztar utzi nahi al nauk?.
- Zertarako dira nere bi esku hauek, aita? Zertarako nere burua?.